Seguidores

jueves, 27 de octubre de 2016

Anti Sozial Mattin I

Iluntasunak besarkatzen nau lotan nagoen bitartean. Zoriontsu sentitzen naizen une bakarra da. Esnatzen naizen bakoitzean hiltzen naiz, ilunabarrean berriz berpizteko. Begiak ireki bezain pronto errealitatearen bortizkeriak estutzen nau. Mila burutapen, mila oroitzapen nire burua etengabe mailukatzen dutenak. Nire kobazuloan ezkutatzen naiz mundu galdu honetaz ihes egiteko. Beldurra ematen dit kalera irtete soilak. Baina ez da koldarra naizelako, ezta pentsatu ere! Nire burua kontrolatzeko gai ez naizela besterik ez da. Munstro bat naiz. Lotuta eta giltzapetuta egon beharko luken pizti zantar eta nazkagarri bat. Baina inor ez da ausartu ere egin ni ehizatzen saiatzen, jakina!

Nire ezkutalekuan eroso sentitzen naiz benetan, mundu errealetik urrun. Ez da eguzki izpi ustel bakar bat ere sartzen, sekulako gorrotoa baitiet. Ez dut ezer jakin nahi eguzkiaz ezta berarekin zer ikusia duen ezertaz. Jendearentzat alaitasunaren irudi izaten da, baina niri samina besterik ez dit sortzen. Beroa, jendea (batez ere domingero aluak),...besterik ez dakar, dena gauza negatiboak. Argitik aparte mantentzen naiz, albino zorritsu bat bainintz bezala. Nire kuartelaren iluntasuna nire arimarenaren pare dago eta horri esker jarraitzen dut aurrera. Ez dut behar jauregi erraldoirik, ezta ere farlopaz inguratutako emakume lirainik. Nahikoa dut kakaz beteriko zulo ezdeus bat pakean bizi ahal izateko.

Zein ederra den norberaren egongelan barrabilak ferekatzen egotea, inongo molestiarik gabe, iluntasunaren bakardade hotzak nire azaleko milimetro bakoitza kitzikatzen duen bitartean. Inguruan benetan atmosfera ederra daukat. Ez da ezer ere ikusten, berdin du begiak irekita ala itxita eduki. Dena den, nik nahiago dut itxita mantentzea. Munduaren amildegirik ilunenaren barnean egongo banintz bezala. Ahul, hauskor, baina era berean gogor, suntsiezin. Hala ere, ez da iluntasuna pozten nauen gauza bakarra. Inguruan dagoen odol kirats izugarriak birikak betetzen dizkidanean Jainkoa bera bezalaxe sentitzen naiz. Ez dut behar ez tabakorik ezta marihuana edo horrelako zerrikeriarik, nahikoa dut edozein bastardoren odol lurruna nire barnean sentitzearekin. Gainera, barregura ematen dit likido gorri preziatu hori nondik datorren gogoratzeak: hildako sasikume baten gorpu lizundutik. JA!

Gorroto dut jendea. Nire indar guztiarekin, gainera. Nigatik balitz, bakar-bakarrik biziko nintzateke mundu osoan. Kauen dio, pistola bat edukiko banuke, makina bat putakume akatuko nituzke. Denak, seguraski. Izurriterik okerrena baino kaltegarriagoa izango nintzateke. Nazka ematen didaten guztien aurpegi gantzatsuak ebakiko nituzke nire etxean garaikur moduan gordetzeko. Beraien erraiak aterako nizkieke maltzurki, ipurtzulotik sartu eta ahotik berriz ateratzeko soilik. Argi ibil daitezela. Denbora asko igaro dut erretiroan, urte sabatikoa hartzen. Laster berriz odol ibaiak isuriko dira eta ezingo du inork ezer egin hori ekiditeko. Putakume aluak, iritsi da zuen ordua...

No hay comentarios:

Publicar un comentario